Adarbakarra / 2025

SINOPSIA

Eszenan, trobadore eta soinujole bat aurrez aurre. Zerengin bat dute elkarrekin; zuloz beteriko ipuin bat kontatzea; folklore zatikatu bat interpretatzea. Zer egin, gure nortasuna eraiki duten mito eta doinuekin? Sinesten al duzu adarbakarretan? Eta euskaldunetan?  Zertan sinesten da sinisteari utzi ondoren?

“Adarbakarra” euskaldunasunari, eta zergatik ez, gudariari, luma jartzen dabilen olatuaren parte da. Aurpegia beharrean ipurdia eskaintzen digun munstro performazea, guztia irensten duen zulo zikin eta koloretsu bat. Dena denarekin nahasten dugu: zortzikoak, sasi-epika, aizkorak, ortzadarra. Ardi larru sintetikoz jantzitako herritarrak gara; euskal zibilizazioaren aurka, mitologia degeneratu baten alde.

Umorea, musika eta poesia bisualaz lagunduta, fantasia eta gordintasunezko bidaia bat eskaintzen diogu publikoari.

 

SORMEN PROZESUA

Maite Aizpuruaren “Esnatze basa” ipuineko “Adarbakarra” poema eta Garazi Navasen musika garaikidearen gurutzaketa da proiektuaren abiapuntua. Umorea eta olerkaritza, diziplina arteko esperimentazioa eta euskal topikoen gaineko gaurkotasunezko hausnarketak eta begiradak ikusgarri egitea dira proiektuaren ardatza, adarbakarraren munstroa erabiliz aitzakia poetiko gisa.

Antzerki musikal garaikide bat egitea zer demontre den galdetu diogu gure buruari, eta horretara jarri gara! Klasikoa, herri tradizioa eta korronte garaikideak uztartuko ditugu, errepertorioa, estetika eszenikoa, lan metodologia eta lengoaia artistikoei dagokionez. Eta bide batez, sortzeko eta adierazteko bide propioak eraikitzeari behar duen denbora eta maitasuna eskainiko diogu.

Sorkuntza eta interpretazioa: Garazi Navas eta Maite Aizpurua Olaizola / Kanpo begirada: Oier Guillan /Zuzendaritza artistikoa eta ekoizpena: Maite A.O.,  Infinitudrama / / Irudiaren diseinua: Alots Arregi / Mugimendu aholkularitza: Aiala Etxegarai / Ikus-entzunezko bitartekoak: Zazpi t’erdi / Zuzendaritza artistikoa eta ekoizpena: Maite A.O.,  Infinitudrama / Laguntzaileak: Eremuak, DInamoa Sormen Gunea, Eusko IIkaskuntza, Lekuona Fabrika (Legamia), Gipuzkoako Foru Aldundia.

DOSSIERRA

KARTELA