Promesa berdina egin diegu lagun guztiei / 2024
SINOPSIA
Poesia, performanzea eta umorea nahasten dituen emanaldi honetan, bi aktorek laguntasunaren ospakizun kritiko bat sortuko dute, publikoa eskutik hartuta. Euforiaren aparretan agertuko dira adiskidetasun erromantikoa eta taldearen apologia. Zaratak utzitako tarteetan berriz kontraesanak, galderak eta galerak.
Gonbidatuta zaude.
SORMEN PROZESUA
Laguntasuna aintzat ematen den harreman mota hori da. “Denok dauzkagu lagunak”, “ez dago traiziorako lekurik” edo “lagun on bat beti egongo da zure alboan”. Promesa handien putzua da: betidanik eta betirako, forever, infinito, hor egongo gara. Jakintzat ematen den unibertso hori lur aberatsa da sormenerako, pertsonon alderik inozo eta zaurgarriena bistara ateratzen duelako.
Betirako eta betiko lagunak izango ginela zin egin genion guk ere bati baino gehiagori. Orain, helduaroan, harreman iraunkorrak izateko beharra geroz eta agerikoagoa zaigunean, laguntasuna aldiro berritzeko paktuak eta bideak bilatzen aurkitu ditugu gure buruak.
Berdinen arteko harremanak posible diren eta elkarrekin etorkizunik eraiki daitekeen hausnartzen dugu antzezlanaren bitartez, pazientziaz, xamurtasunez, eta batez ere, umorez. Laguntasun harremana hanka sartzeko, akastunak izateko eta elkarrekin galduta egoteko behar beharrezko giza harremana dela aldarrikatu nahi dugu antzezlanaren bitartez. Baita ere, komunitatea eraikitzeko harreman gakoa izan daitekeela. Aldundia, Zumaiako Udala, Donostiako Udala (Poltsiko Antzerkia Jaialdia).
Ideia eta ekoizpena: Infinitudrama / Aktore sortzaileak: Intza Alkain eta Maite Aizpurua Olaizola /Testua: Kolektiboa, Mejillon Tigrerekin elkarlanean / Zuzendaritza eta dramaturgia: Kolektiboa, Matxalen de Pedroren bidelaguntzarekin / Aholkularitza eszenikoa: Edurne Azkarate / Laguntzaileak: Garaion Sorgingunea, Aiaraldeako Kultur Faktoria, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zumaiako Udala, Donostiako Udala (Poltsiko Antzerkia Jaialdia).